Arbela Digital Interaktiboa ikus-entzunezko
ikasketa ahalbidetzen duen erreminta bat da. Horren bidez, edukiak modu
erakargarrian aurkezten dira kolore eta elementu grafiko anitzen bidez. Arbela
digitala erabiliz, ikasleek arreta handiagoa izan dezaten bilatzen da eta, era
berean, jarduerekiko duten interesa handitzea. Helburu didaktiko desberdinak
lor daitezke tresna hau erabiliz: area kognitiboan, eduki berriak aurkezteko
eta ikasitakoak indartzeko baliabidea izan daiteke eta hizkuntza eta
sozializazio prozesuan, ikaslearekin gai desberdinei buruz hitz egiteko aukera
ematen dute.
Alde teknikoari begira, arbela digitalek
edukietan barneratzeko aukera handiagoa ematen dutela esan daiteke hauek ordenagailuan
lan egiten denean baino tamaina handiagoan aurkezten direlako. Era berean,
aplikazio interaktiboak era erakargarriagoan diseinatu eta erabiltzeko aukera ematen
dute.
Gainera, haurrak tresna hau erabiltzeko gai
bihurtzen dira berehala. Arbela ordenagailu batera konektatu eta azalera
interaktiboan lan egiten has daiteke, ukituz edo moldatutako puntero bat
erabiliz.
Eta, zergatik dira bereziki erabilgarriak
Hezkuntza Berezian?
Izan ere, Premia bereziak dituzten haur
batzuentzat ordenagailuen erabilera oso zaila izaten da, arrazoi desberdinak
direla medio:
- Orientazio espazialerako zailtasunak dituztelako
- Beharrezko eskuzko koordinaziorik ez dutelako
- Kurtsorearen mugimendua ulertzeko gai ez direlako
- Arratoia mugitzeko zailtasun motoreak izan ahal dituztelako.
Haientzat Arbela Digitala momentura arte
burutu ezin zituzten jarduera eta dinamikak burutzeko erreminta bihurtzen da,
haien ikaskuntza prozesua aberastuz. Gainera, ume bakoitzaren egoerara
moldatzen diren tresnak direla aipatu beharra dago:
- Zailtasun motrizak dituzten haurren kasuan, haien beharrak pantailan agertzen diren objektu eta tamainara egokitzeko aukera dago
- Ikusmen arazoak dituztenentzat tamaina, posizio eta koloreen kontraste egokiena bilatzen saiatzen da
- Entzumen arazoak dituzten umeentzat Arbela Digitalak haien esku jartzen duen euskarri bisuala oso garrantzitsua da.
Beraz, haur bakoitzaren egoera ezagututa
Arbela Digitala garatu nahi diren gaitasunak lortzeko tresna egokia izan
daitekeela esan beharra dago. Aurreko sarreran zerrendatu diren webguneetan
agerian dauden aplikazio eta programak ordenagailuetan instalatzeko aukera ere
badagoenez, horien artean guretzat komenigarria bilatzea litzateke gakoa.