2014(e)ko azaroaren 18(a), asteartea

Komunikazioa Handitu edo Ordezkatzeko Sistemak sortzeko software-ak

Komunikazioa handitu edo ordezkatzeko sistemak sortzeko hainbat aplikazio daude baina oraingoan AraWord deiturikoa aurkeztuko dizuet, azken aldian Hezkuntza Premia Bereziko haurrekin lan egiten duten profesionalek ume horiekiko komunikazioa errazteko gero eta gehiago erabiltzen hasi diren baliabide bat delako.

Aurreko sarreretan aipatutako Arasaac erakundeak sortutako software hau komunikazio handigarri eta alternatiborako erreminten artean aurki daitekeen informatika aplikazio aske bat da, testuen prozesatzaile bat erabiliz letraz idazten dena pictogramekin konbinatzeko aukera ematen duena. Horri esker, materialak sortzeko eta komunikazio funtzionalaren arloan arazoak aurkezten duten pertsonentzako testuak egokitzeko aukera dute irakasle eta bestelako profesionalek.

Araword erabiliz, irakasleek haurraren errealitatera moldatu daitezke, irakaskuntza pertsonalizatua eginez eta haien eguneroko errutina, pertsona, espazio, janari eta bestelako hainbat elementuri buruz hitz egiteko aukera handituz. Horrela, ez dira bakarrik irakasleak ikasleari bidalitzako mezuak moldatuko, bi noranzkoko komunikazioa sortuko da. Izan ere, umeak beste bideetatik adierazi ezin dituen hitzak transmititzeko aukera ere izango du irakasleak bere eskura jarritako mezu bisualak seinalatuz edo aukeratuz.
Pictogramak sortzeko, aplikazioa deskargatzeko edo interneten, zuzenean erabiltzeko aukera dugu. Behin hau izanda, oso erraz sortu daitezke picto-ak edo horiekin eratutako esaldiak. 

Ondoren, umeek asko erabili ohi duten “komunera joan nahi dut” esaldia sortzeko pausuak aurkezten dira, pausuz pausu. Ikus daitekeenez, lehenik hitz bakoitza idatzi behar dugu. Software-a euskaraz erabiltzeko aukera dago baina kontuan izan behar dugu Hezkuntza Premia Bereziak dituzten haur erdaldunentzako bigarren hizkuntza oztopo moduan jokatu dezakeela, beraz, haien etxean gaztelania bada hitz egiten den hizkuntza horren hitzen ordena jarraitzea komeni da. Hurrengo pausuan, hitz bakoitza picto batekin ordezkatzeko hainbat aukera ditugu eskuragarri, gure esaldia testuingurura moldatzeko. Azkenik, irudiekin sortutako esaldia agertuko zaigu, hautatutako pictoekin. Eskumako zutabean, pictograma gure ordenagailuan gordetzeko aukera desberdinak ditugu, marrazkiak letrarekin ere laguntzeko edo ez hautatzeko, irudien tamaina aldatzeko




Argi ikus daitekeenez, hitz bakoitza inguratzen duen koadroa kolore desberdinekoa da hitzaren kategoria gramatikalaren arabera: horia (izenordeak), berdea (aditzak), laranja (izenak), urdina (adjektibo eta adberbioak), morea edo arrosa (gizarte moldeak, hala nola: kaixo, agur, zelan zaude?...), zuria (zenbakiak, koloreak, preposizioak)

Beraz, oso era errazean umearen eta irakaslearen arteko komunikazioa errazteko oso lagungarria den materiala sortzeko gai garela ikus daiteke. Gainera, gure kontuan gordetzeko aukera dugu, sortutako esaldi desberdinak elkarrekin izateko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina